16 Ekaina, 2020

Amiantoa duten hondakinen kudeaketari buruzko argibideak

Zaldibar, 2020ko ekainaren 16a. Azkenaldian komunikabideetan agertutako informazioetan zalantzan jarri da Verter Recycling enpresaren instalazioetan amiantoa duten hondakinen kudeaketa, eta enpresak azaldu egin nahi du bere jarduerako urteetan nola kudeatu dituen hondakin mota horiek.

1- Verter Recycling enpresak bere jardueraren hasieratik du amianto hondakinak biltzeko baimena. Hondakin mota horri dagokionez, hondakindegian bildu den kantitatea, batez beste, ez da hondakin guztien % 0,5era iritsi izan urte osoan.

Eusko Jaurlaritzak 2007an lehen ingurumen-baimen bateratua eman zionetik du enpresak baimen hori, eta 2011n eraginkortzat jo zen. Orduan, amiantoa zuen materialaren jasotzea –Verter enpresak horretarako baimena zeukan– «arriskurik gabea» zen, eta, edozein modutan, oso kantitate txikia zen (urtean, batez beste, ez zen iristen hondakin guztien % 0,5era).

Beraz, Verter Recycling enpresan hutsala izan da amiantoa duten hondakinen bilketa, eta beti eginda nahitaez behar diren baimen administratiboekin.

2- Osalanek ziurtatu du egokia izan dela jarduera horrekin lotutako lan-arriskuen prebentzioaren kudeaketa.

Osalanek berak hala ziurtatua zuen 2012an. Izan ere, urte hartan, urteko bere kudeaketa-planaren barruan, lan-arriskuen prebentzio-kanpaina bat egin zuen hondakinen kudeaketako enpresa txiki eta ertainetan (ETE). Urte hartarako Verterrek urtebete zeraman hondakinak biltzen (gogora dezagun 2007tik 2011ra hondakindegiko eraikitze-lanak, inpermeabilizazioa, drainadurak eta beste halako lanak egiten aritu zela). Osalanek arriskuak prebenitzeko egindako kanpainaren barruan zegoen Verter eta, hala, hainbat jarduera egin zituen enpresaren makineria ezagutzeko, bazterketa-arriskuan zeuden langileak edo prestakuntza eskasekorik zegoen detektatzeko eta enpresaren kudeaketan prebentzioa nola zegoen integratuta jakiteko. Verterren ez zen horrelako ezein hutsegiterik detektatu.

Osalanek, 2012ko martxoaren 16an, instalazioak bisitatu zituen, eta gabezia txiki batzuk baino ez zituen atzeman. Zehazki, adierazi zuen larrialdi-neurriak bazirela baina ez zela larrialdi-planaren praktikarik/simulakrorik egin, eta egiteko eskatu zion enpresari. Simulakroak eginda, 2012ko ekainaren 4an Osalaneko teknikariek egiaztatu zuten aurreko bisitan prebentzioaren kudeaketaren inguruan egindako oharpenei kasu egin zitzaiela, eta hala jasota dago espedientean.

Beraz, agintari eskudunen aldetik ez da inolako arau-hausteren jakinarazpenik ez zigorrik jaso amiantoaren bilketarekin lotutako lan-arriskuak prebenitzeko kudeaketari dagokionez.

3- Horrenbestez, Osalanek ez zuen inoiz zigor-espedienterik hasi, ez antzeko ezer.

Osalanek, aplikatu beharreko araudiari dagokionez, ez zuen ezein hutsegiterik detektatu ez 2012ko bisitan, ez laneko planak onartu zituenean.

Zehazki, ez da hutsegiterik izan langileen prestakuntzari eta informazioari dagokionez. Haiek behar den bezala akreditatutako kanpoko enpresek ematen zuten prestakuntza eta informazioa zuten.

Beraz, komunikabide batzuetan agertutako informazioa ezeztatuz, esan behar da enpresak ez duela inolako zigorrik jaso prestakuntzarekin lotutako hutsegiteengatik, ezta amiantoaren kudeaketarekin lotutako araudia ez betetzeagatik ere.

4- Enpresa amianto-arriskuko enpresen erregistroan (RERA) inskribatu zen horretara behartuta egon zenean.

Hasieran, Verter ez zen amianto-arriskuko enpresa, hala baimenduta dago 31ko martxoko 396/2006 Errege Dekretuan bertan, zeinak amiantoaren eraginpean egoteko arriskuan duten lanei aplika dakizkiokeen segurtasun eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituen. 3.2 artikuluan dio ez dela beharrezkoa erregistroan inskribatzea, betiere, langileen amiantoarekiko esposizioa noizean behingoa bada, esposizioen intentsitatea apala bada eta aurreikusitako ebaluazioaren emaitzek argi eta garbi adierazten badute lan-eremuan ez dela gaindituko amiantoarekiko esposizio-mugaren balioa.Gogora dezagun Verterrek mota horretako oso hondakin gutxi jasotzen zuela, eta hondakin horiek ez zirela birrinkorrak (ez zuten zuntzik askatzen eta ez ziren arriskutsuak osasunerako); eraiste-lanetatik etortzen ziren eta, horregatik, beste material batzuekin nahastuta eta kapsulatuta heltzen ziren; hori dela eta, hondakindegiko langileek ezin zuten manipulatu.

Enpresak amiantoa zuten hondakin gehiago jasotzen hasi zenean eman zuen izena RERA erregistroan, hau da, 2017an, eta, orduan, bildutako hondakin guztien % 1era ere ez ziren iristen horiek.

Alde horretatik ere enpresak ez du inolako zigorrik edo ohartarazpenik jaso agintari eskudunen aldetik, eta beti jardun du zeuzkan baimen administratiboen barruan.

5- Zenbait langilek kudeatzen zuen hondakin horien sarrera, eta dagokion prestakuntza zuten denek, aginte eskudunak (Osalan) ziurtatua.

Ez da egia amiantoarekiko hondakinak kudeatzeko gaitasuna Malitik etorritako langileek bakarrik zutenik; haiek, gainerako guztiek bezala, beren lana egiteko lege-eskakizun guztiak betetzen zituzten. Verterreko langile guztiak behar bezala prestatuta zeuden informazio hori emateko kualifikatuta dauden enpresen aldetik, hala nola CUALTIS SMUren aldetik.

Maliko langileak Verter Recycling 2002 SMko langile-taldekoak ziren, gainerako guztiek zituzten baldintza beretan kontratatuak: lan-kontratu mugagabea zuten, alta emanda zeuden Gizarte Segurantzako araubide orokorrean eta Espainian lan egiteko behar diren baimen administratiboak zituzten. Kategoria eta lanpostu bereko langile espainiarrek egiten zituzten lanak egiten zituzten haiek ere, eta lan horien artean denetarik sartzen zen, kontuan hartuta amianto-hondakinen kudeaketarekin lotutakoak hutsalak zirela, azaldu dugun bezala, eta betiere baimen administratiboen baldintzak betez eginak.

Hondakindegia martxan egon den denbora guztian zenbait langilek manipulatu dute hondakin mota hori, eta beti kapsulatuta iristen zen eta aldez aurretik ezarritako lekuan biltzen zen. Lan hori egin dutenek materiala modu seguruan manipulatzeko behar den prestakuntza eta ezagutzarekin egin dute. Prestakuntza bere garaian aurkeztu zen, Osalanek onar zezan, eta hark egiazkoa eta bat zetorrela ziurtatu zuen; horrenbestez, Verter Recycling 2002, SMren Lan Plana onartu zuen, bai 2018an, bai 2019an.

Informazioa: Arturo Zubiaga
Telf: 94 415 86 42

Prentsa oharra eskuratu

15 Maiatza, 2020

Verter Recycling-en adierazpena, egungo egoerari buruz

Zaldibar, 2020ko maiatzak 15.- Enpresaren lehentasuna Eusko Jaurlaritzaren lantaldeekin lankidetzan jarraitzea da, Alberto eta Joaquín gure lankideen gorpuak aurkitu eta ateratzeko.

Bitartean, agintariei gure ezagutza eskaintzen jarraitzen dugu lurzorua egonkortzeko lanetan, baita jausitako hondakinei irtenbidea emateko lanetan ere, gordetegi seguruetan kokatzeko. Enpresak ahal duen guztia egiten jarraituko du egiteke dauden lanetan, teknikari espezializatuak eta eskura dituen bitartekoak bideratuta.

Eskerrak eman nahi dizkiegu erreskate-taldeko kide guztiei euren ahalegin eta prestasun nekaezinarengatik; lan zail, konplexua eta korapilatsua egiten ari dira, eremua egokitu eta behar diren segurtasun-baldintzak ezartzeko.  

Informazioa: Arturo Zubiaga
Telf: 94 415 86 42

Prentsa oharra eskuratu

16 Martxoa, 2020

Verter Recycling inplikatuta dago jada erreskate‐ eta egonkortze‐lanetan, koordinazio‐mahai teknikoan parte hartzen ari baita, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailarekin adostu zuen legez

Zaldibar, 2020ko martxoaren 16a.‐ Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Lakuan, otsailaren 12an egin zuten bileran, enpresak eta Ingurumen Sailak adostu zuten, lanen garrantzia eta urgentzia dela eta, Jaurlaritza arduratzea erreskate‐lanez eta lurrak egonkortzeko lanez.

Helburu horrekin sortu zuen Jaurlaritzak jarraipena eta koordinazioa egiteko mahai teknikoa, orduz geroztik Joaquín eta Alberto bilatzeko eta lurrak egonkortzeko lanak gidatzen ari dena. Era berean, aurrera darraite zabortegiko hondakinen zati bat hartuko dituzten biltegiak prestatzeko lanek.

Enpresa hasi‐hasieratik ari da laguntzen lan horietan guztietan. Horretarako, antzeko egoeratan eskarmentu handia duten bi teknikari espezializatu batu ziren koordinazio‐mahaira, enpresaren ordezkaritzan.

Enpresa une oro agertu da aipatu jarduketak egiteko elkarlanerako prest, eta berdin jarraituko du, teknikariak kontratatu eta eskura dituen baliabideak eskainiz.

Informazioa: Arturo Zubiaga
Telf: 94 415 86 42

 

Prentsa oharra eskuratu

19 Otsaila, 2020

Verter Recycling-en adierazpena, zabortegia erori ondoren abiarazitako lanen egoerari buruz

Zaldibar, 2020ko otsailaren 19a.- Ondoko hau adierazi nahi dugu zabortegiaren luiziak eragindako egoeraren eta zabortegian egiten ari diren lanen gainean:

1. Zabortegia erori zenetik, gure ardura nagusia izan da Joaquín eta Alberto erreskatatzea. Hasiera-hasieratik, saiatu gara haien familiengandik hurbil egoten, eskura duguna ematen eta egoera gogor honetan babesa azaltzen, eta, noski, aginpide eskudun guztiekin erreskatean kolaboratzen.

2. Benetan atsekabetuta gaude istripua inguruan eragiten ari den eragozpenengatik eta kezkengatik. Eskura izan dugun guztiarekin lagundu dugu Batzorde Teknikoaren lana, segurtasuna bermatzeko eta Zaldibarreko, Eibarreko eta Ermuko herritarrei lasaitasuna emateko. Espero dugu egoera lehenbailehen normalizatzea, teknikariak eta emergentzia-taldeak egiten ari diren lan intentsuen bitartez.

3. Istripua gertatu osteko lehen uneetan, inguruan eragina duten emergentziazko egoeretarako jarduera-protokoloei jarraikiz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzak hartu zuen ardura egoera kontrolatzeko eta luiziari lotutako premiazko lanak gauzatzeko. Hala ere, enpresa uneoro laguntzeko prest azaldu da, eta lanok gauzatzeko beharrezko guztian kolaboratu du, informazioa emanez eta zeregin guztietan pertsonekin eta materialarekin lagunduz, besteak beste.

4. Kolaboratzeko asmoa azaldu genuen, halaber, Eusko Jaurlaritzarekin otsailaren 12an, asteazkenean, egindako bileran, non ekintza zehatzak gauzatzea hitzartu baitzen. Ildo horretan, enpresak zenbait aditu kontratatu zituen –denek ere ibilbide profesional zabala eta egiaztatua dute antzeko egoeretan– Eusko Jaurlaritzak osatutako Emergentzia Kudeatzeko Batzorde Teknikoaren lanetan laguntzeko, hain zuzen ere, erreskate-lan guztiak pilotatzen eta eremua egonkortzen.

5. Enpresak du interes handiena istripuaren kausak ezagutzeko. Ikerketan emaitza konkretuak eta behin betikoak lortu arte, enpresak ezin du egin balizko kausei buruzko ez adierazpenik, ez baloraziorik, eta ez ditu egingo. Denbora beharko da istripuaren kausak zehazteko. Horrenbestez, gertakarien gaineko datu zehatzak eduki arte, beharrezkoa iruditzen zaigu jarrera zuhurra azaltzea publikoki. Funsgabeko suposizio eta zurrumurru guztiek ez dute une honetan behar den gutxieneko zehaztasun teknikoa. 

6. Zabortegiaren jarduera aginpide eskudunek kontrolatu dute uneoro helburu horretarako dagoen ikuskaritza-planaren bitartez eta bere kontrol-mekanismoen bitartez. Halaber, zabortegiak beti izan ditu dagozkion baimen guztiak Euskadiko industriaren hondakin ez-arriskutsuen bilketari soluzioa emateko eginkizuna betetzeko. Baimena eskuratzeko aurkeztu dituen proiektuak ingurumeneko organo eskudunak aztertu eta baliozkotu ditu uneoro, horretarako emandako ondoz ondoko baimenen bidez. Inolaz ere ezin zitekeen susmatu zabortegia eroriko zenik. 

7. Zabortegira iristen ziren hondakin guztiak kontrolatzen ziren, isurtzeko egokiak ziren egiaztatzeko. Jatorrian ezaugarritu ondoren, kode bat esleitzen zitzaien. Baskulan ziurtatzen zen betekizunak betetzen zituztela eta zehazten zen kantitatea. Erregistroa erregularki bidaltzen zitzaion Jaurlaritzari, zegokigun ingurumen-baimen integratuaren baldintzei jarraikiz, Ingurunet plataforma elektronikoan ezarritako sistemaren arabera. Amiantoari dagokionez, Verter-en baimenen arabera zabortegian isurtzeko hondakin baimendua izateaz gain, prozedura bat zegoen, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak onartutako segurtasun-neurriak biltzen zituena. Amiantoa fibrozementuan inertizatuta etorri eta plastikoan kapsulatuta isurtzen zen, baliabide mekanikoen bidez deskargatu ostean, leku zehatz batzuetan, kokapenaren berri izateko eta kontrola egin ahal izateko. 

8. Zabortegia ez zegoen beteta; hortaz, hondakinak jasotzeko gure jarduera gauzatzen jarraitzen genuen, zorroztasunez betez horiek hartzeko kontrol-prozedurak eta isurtzeko baldintzak. Zabor kantitateei eta baimendutako bolumenari dagokienez, jarduera erregulatzen duen baimena bete dugu.   

Informazioa: Arturo Zubiaga
Telf: 94 415 86 42

 

Prentsa oharra eskuratu

17 Otsaila, 2020

Verter Recycling-ek ez daki zabortegia erori izanaren kausa zein den

Zaldibar, 2020ko otsailaren 17a. Hedabide batek argitaratu duen informazioaren harira (enpresari egozten dizkio istripuaren balizko kausen gaineko adierazpen batzuk), enpresak jakinarazten du ez duela halako adierazpenik egin eta ez dakiela zabortegia erori izanaren kausa zein den.

Teknikarien lana izango da kausak identifikatzea, ikerketa xehatu baten bitartez, eta enpresa bete-betean ari da lan horietan laguntzen. Egun, lehentasuna Joaquín eta Alberto erreskatatzeko eta lurra egonkortzeko lanak dira. Enpresak kontratatu dituen adituak Jarraipeneko Batzorde Teknikoaren zerbitzura daude, halako lanetan dituzten ezagutzak eta esperientziak azaltzeko. 

Informazioa: Arturo Zubiaga
Telf: 94 415 86 42
 

Prentsa oharra eskuratu

14 Otsaila, 2020

Verter Recycling-ek aditu talde bat kontratatu du, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura jarriko duena zabortegian jarduteko planak garatzeko

Zaldibar, 2020ko otsailaren 14a. Istripua gertatu ondorengo lehen orduetan, enpresako arduradunen ahalegina lurpean dauden bi lankideen familiei arreta ematera bideratu zen.  Verter Recycling-ek uneoro erakutsi du agintariekin lankidetzan aritzeko asmo argia, Joaquín eta Alberto aurkitzen laguntzeko, baita hondakinak erretiratzeko eta lurra egonkortzeko lanei ekiteko ere.

Inguruneari eragiten dioten emergentzia-egoeretan jarduteko protokoloei jarraikiz, lehen lanak administrazioak abiarazi zituen, Segurtasun Sailaren Larrialdiei Aurregiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren koordinazio pean. Lur-jausiak eragindako ezohiko egoerari aurre egiteko urgentziazko lanak izan zirenez, enpresari lehen orduetan ez zitzaion deitu jarduerarik gauzatzeko. 

Joan den asteazkenean egin zuten lehen bilera enpresak eta administrazioak –azken horrek deitu zuen enpresak eskatuta–. Eusko Jaurlaritzako Ingumen Saileko arduradunak izan ziren bileran, eta bi aldeek jarduketa zehatzak gauzatzea hitzartu zuten. Ildo horretan, enpresak aditu talde bat kontratatu du, antzeko egoeretan ibilbide profesional zabala eta egiaztatua duena. Talde tekniko espezializatu hori Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren zerbitzura egongo da emergentzia kudeatzeko Batzorde Teknikoak, Jaurlaritzak eskatuta osatu denak, egingo dituen lanetan. Jakinarazi denez, berehala hasiko dira lan horiek.

Verter Recycling Jaurlaritzaren esanetara jarri da, hark proposatu baitio gutxienez emergentzia-egoera honetako lehen fasea zuzentzea koordinazio-batzorde bat sortuta. Hala, lanak beharrezko den azkartasunaz eta gaitasunaz gauzatu ahal izango dira.

Bestalde, enpresa Ingurumen Sailak eskatu dion eta eskuragarri daukan dokumentazioa ematen ari da.

Informazioa: Arturo Zubiaga
Telf: 94 415 86 42

Prentsa oharra eskuratu